» Publishers, Monetize your RSS feeds with FeedShow: More infos (Show/Hide Ads)
Torrealdaik Euskaltzaindiaren sarrera-hitzaldian EUSKAL BIBLIOTEKA aldarrikatu zuen joan zen larunbatean. Espero dugu Joan Mariren bultzada lagungarri izan daitezen Euskal Biblioteka ahalik eta azkarren sortzeko.
Bibliografiatik Bibliotekara. Esperantzari leihoa izeneko hitzaldia eman zuen Joan Mari Torrealdaik larunbatean bere herrian, Foruan. Hitzaldia jendez gainezka zegoen. Pasarte hau nahi dut nabarmendu, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiari buruzkoa, hain zuzen ere: Ahoan bilorik gabe mintzatuz, Biblioteka Nazionalaren planteamenduan aitzindari izan da Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia. Euskal Herri osoko bibliotekari eta dokumentalista andana batek sortu zuen mintegia 1997an, bai biblioteketan eta bai dokumentazio guneetan euskararen erabileraren normalizazioaren egoera tamalgarria konpondu nahian.
Hainbat lan eta proposamen egin izan diete erakundeei, arrakasta handirik gabe, antza denez. Kanpotik begiratuta ezagunenak Biblioteka Nazionalari buruzkoak dira. Behin eta berriz atera dute gaia plaza publikora, bai partaideek indibidualki eta bai kolektiboki. 1998ko bi agiritan ongi islatzen da mintegiaren jarrera.
Lehena adierazpen bat da, 1998ko ekainekoa, Uztaritzen ezagutzera emana:
d) Bereziki, euskarak pairatzen duen bazterkeriari konponbidea emateak lehentasun osoa behar luke izan. Euskal Agentzia Katalografiko bat eskatzen dugu alor honetako arazoak bideratzeko.
Eite honetako biblioteka baten garrantzia hil ala bizikoa da Pruden Gartzia Azkue Bibliotekako zuzendariarentzat. Hona bere hitzak: Euskal kulturaren ikuspuntutik, biblioteka nazional bat hil ala biziko arazoa dela esango nuke... Biblioteka Nazionalaren gaia sakon eta askotan aiputan hartu dute Mintegiko beste kide batzuek ere, Gerardo Luzuriaga batek, Agurtzane Juanenak.Pero en los países desarrollados esta función de identidad, de representación cultural, se produce no sólo desde los materiales almacenados, desde unas colecciones de obras muchas veces únicas, que son, sin duda, las mejores del país. A esto lo podríamos llamar "señas de identidad a través de los contenidos"; la cuestión va más allá, va a las "señas de identidad a través del ontendedor".
Joana Albret Mintegiko partaide den Agurtzane Juanenak behin eta berriz azpimarratu du eraikinaren beraren ikur balioa; Juan José Fuentesen zenbait aipu esanguratsu bildu zituen:
Es decir, los documentos son importantes, pero no lo es menos el edificio, que así pasa a ser nuevo y otro "documento"; paralelo al valor de las colecciones es el valor del edificio que las contiene, que pasa a ser así, a su vez, otra muestra de la identidad cultural de la nación. Tan cierto es que la biblioteca nacional, y sus instalaciones, representan unas señas de identidad cultural...
(Gerardo Luzuriaga)
Nafarroako Liburuzainen Elkarteak (ASNABI) TK aldizkariaren 20 zenbakia argitaratu du. Artikulu ugari dakar, hona hemen Liburuzainen, dokumentalisten eta artxibozainen profesionalen elkargoa sortzeko proposamenaren laburpena.
Betiko moduan artikuluak ezin interesgarriak dira. Kasu honetan gai ugari ikusi ditu. Oraingoz bat baino ez dut aipatuko, “Alba Bohigas Rossellek, Maria Luisa Garces Alvarezek idatzitakoa: “Futuro del profesional de la información en Navarra: propuesta de creación de un colegio profesional de bibliotecarios, documentalistas y archiveros de Navarra”.
http://www.asnabi.com/revista-tk
Hona hemen artikuluaren laburpena.
Artikulu honetan egileek azpimarratzen dute Profesionalen Elkargoa sortu behar dela lege baten bidez.
Zergatik da beharrezkoa ahalik eta azkarren sortzea?
Eremu horretan arauak ez daudelako, eta beraz, sarbideko bideak eta laneko eginkizunen arauak ez daude.
Profesionalen elkargoa zuzenbide publikoko korporazioa izanda, legea ezar dezake.
Abentaiak:
Profesionalen interesak babestea eta ordezkatzea.
Lanbidearen eginkizunak ordenatzea.
Lanbidearen balio etikoak indartzea, eta bidenabar Informazio gizartean liburuzainen, dokumentalisten eta artxibozainen prestigioaren alde borrokatzea.
Profesionalak lege aldetik ordezkatuta eta babestuta izatea.
Profesionalen lan-baldintzak eta merkatuaren sarbideak hobetzea.
Oharra edo proposamena: Kontuan hartuta, Euskadin ere eremu horretan Kolegio profesionalik ez dagoela, zergatik ez gara saialen euskal bi komunitaterako kolegio profesional komuna sortzea? Ezbairik gabe, biak euskal komunitateak izanda abantailak baino ez ditugu aurkituko. Ea beste batzuek ere honen alde agertzen diren, eta lanean hasten garen.
Gerardo Luzuriaga
Liburuen eremuan ibiltzen garenoi teknologia eta liburu elektronikoen onurei erreparatzen hastea komeni zaigu, belaunaldi berriei bideak errazteko
Garai aldakorrean bizi gara, aurkikuntza iraultzaileak bata bestearen atzetik datoz. Orain txanda liburu elektronikoei etorri zaie. Lehenik eta behin aurkikuntza guztiak garrantzitsuak izan arren; denak ez direla berdinak azpimarratu nahi dut; izan ere, irakurgailu digitala beste asmakari batzuekin alderatuz puntako asmakizunik ez dela izango onartu behar dut; behintzat, nekazaritza eremuan traktorea edo uzta biltzeko modukoak ez direla izango agerian dago.
Egia da liburua sortu zenez geroztik, irakurketa ohiturek ez dutela funtsean aldaketa handirik izan, euskarria harria, buztina, egurra, papiroa, pergaminoa edo papera izan, irakurtzeko erak berdinak izan direla aurreko mende askotan zehar, eta horrek irakurzaleengan eragin handia izan du. Paperaren erabilera hedatu zenetik, batez ere Guttenbergek XV. mendean inprenta asmatu zuenetik, paperaren ukitze fisikoa, orriak banan-banan behatzez pasatzea, kapituluak bukatzea, orrietan atzera egitea, paper berriaren usain gozoa hautematea, azalen koloreak bereiztea, azal berak ikutzea... irakurketaren balio erantsitzat hartu dugu, eskuan liburua edukitzea, orrikatzea, irudiak mirestea... jakin-mina eta plazer bihurtu da, harik eta irakurleek balio horiek bereganatu arte.
Liburu elektronikoak eta irakurgailu elektronikoak ailegatu zaizkigunetik, liburu tamainako gailu batean liburu digital asko eta bestelako informazio osagarria gorde daitekeen aparailua merkatura heldu zenetik, abantaila ugari ekarri ditu: irakurtzeko erraztasunak, liburuak edonon eskura uztea, prezioa... harik eta liburu tradizionalen etorkizuna kolokan jarri arte.
Liburuaren egoerari helduz, literaturari buruzko paperezko liburuek sasoi luze batean liburu elektronikoekin batera merkatua partekatuko omen dute. Baina ziur nago urteak aurrera joan ahala, egun idiak soroetan salbuespen bihurtu diren moduan, paperezko liburuen presentzia ere denbora kontua dela, eta etorkizunean desagertu egingo dela.
Egun irakurketak sorrarazten dituen sentsazio gozoak usadio kontua baino ez dira, eta ezbairik gabe, ziur nago irakurketa elektronikoak orain ezagutzen ez ditugun plazerrak irakurri ahala sorraraziko dituela. Gakoa edukian baitago, liburuen edukian, hizkietan eta esaldietan hain zuzen ere, eta ez euskarrian; euskarriak sortutako gustuak, azken finean, ohiturarekin sortzen diren ezaugarri berezia direnez; belaunaldi berriek liburu tradizionalen irakurtzean nabarituko ez dituzten sentsazioak baino ez dira izango, eta, berriz, liburu elektronikoak eta irakurgailu elektronikoak bere bide naturala eginez gero, irakurzaleengan zirrara berriak eta ikaragarriak ekarriko ditu. Areago ziur naiz laster liburu elektronikoen xarmei buruz arituko garela.
Aurrekoak ez du esan nahi gustuko ditudanik liburu elektronikoak, edo paperezko liburuen desagertzearen alde nagoela, nigatik izango balitz, aizkora motozerra edo aitzurra kultibadorea baino nahiago dudan bezala, nahiago ditut liburu tradizionalak liburu elektronikoak baino. Baina idealismoa amets politak izateko oso ondo dago, baina errealitatea gordina da, motozerraren zarata jasanezina izan arren, beharrezkoa bezain lagungarria da basoak garbitzeko eta zuhaitz batzuk botatzeko, eta egun inori ez zaio bururatzen soroetako lanak aitzurraz egitea.
Dena den, paperezko liburuak desagertuko ote direneko eztabaida hau ere antzua da; borroka honetan, beste arlo batzuetan bezala merkatuak markatuko du bidea, merkatuak alde batera joz gero, jai baitaukagu irakurzale tradizionalen baloreak defenditzen, binilozko diskoen entzule amorratuei duela urte gutxi gertatu zitzaien bezala. Oker izan naiteke (oker banintz poz handia hartuko nuke) baina susmoa dut jarrera nabaria dela liburu elektronikoen alde, hasierako bidean izan bagara ere.
Beraz, liburuen eremuan ibiltzen garenoi teknologia eta liburu elektronikoen onurei erreparatzen hastea komeni zaigu, belaunaldi berriei bideak errazteko. Egun, belaunaldi berriak prestatuta daude digitalizazioari dagozkion aldaketetan murgiltzeko, eta zer esanik ez etorkizunean jaioko diren gizaldiak. Ikus ditzagun liburu digitalen eta irakurgailu elektronikoen aldeko abantailaren batzuk: paperezko argitalpenekin alderatuz, prezioa izugarri jaits daiteke, printzipioz papera askoz gutxiago kontsumituz gero, basoak hobeto zaindu daitezke, ez dugu izango ekoizpen bibliografikoa gordetzeko orain ditugun espazio arazoak, paperezko liburuak gordetzeko sekulako lekua behar dugulako...
Gerardo Luzuriaga
Oso giro onean igaro dugu lehendabiziko eguna, partaide artean ibilbide desberdineko profesionalak somatu ditugu, baita adin desberdinekoak ere. Ikastaroaren balorazioa oso positiboa izan da ez soilik partaiden kopuruen aldetik...
Udako Euskal Unibertsitateak Eibarren antolatu du ikastaro hau, lehenengo eguneko kronikaren laburpen bat egingo dut.
Oso giro onean igaro dugu lehendabiziko egunean, partaide artean ibilbide desberdineko profesionalak somatu genituen, baita adin desberdinekoak ere.
Karmele Artetxek eta Gerardo Luzuriagak eman diote hasiera ikastaroari. Markatutako denboratik hogei minutu pasatu badira ere, ulergarria bezain komenigarria izan dira eskupeko ordu erdi hori, bada adierazitako liburutegi digitalen informazio orokorra lagungarria izan baita egun osoan landu izan ditugun gaiak barneratzeko.
Karmelek liburutegi digitalen definizioak, oinarrizko elementuak deskribatu dizkigu. Halaber objetuen identifikatzaile standarrik zabalduenaz aritu da, PURL (persistent URL), DOI (Digital Object Identifier); liburutegi digitalen erronkekin amaitzeko, hala nola Interoperabilitatea, egile eskubideen kudeaketa, eta dokumentuen kontserbazioa eta zaintza.
Gerardok Euskal Liburutegi Digitalen panoramika aztertu du. Nafarroako egoera eta Euskadiko egoera deskribatu ditu, Euskal Liburutegi Digitala sortzeko arazo teknikorik ez dagoela, ezta arazo legalik ere, eta ez dela arazo politikorik ere izan behar azpimarratu du. 2009.ko urtean sortutako egitasmo batzuk aipatu ditu, izan ere, euskal proiektu digitalen erronka batzuk, hala nola web orrien edukien aipamen eta erreferentzia eza, proiektu publikoen aldameneko adierazpena, plangintza eza… aipatu ondoren bukatutzat eman dio bere hitzaldiari.
Teresa Agirreazaldegik Europeanaren sormena landu du, agerian utzi du Frantziak egindako ekimenei esker eta Europako Liburutegi Nazionalei esker sortu dela Europako Liburutegi Digitala. Jarraian Estatuan sortutako egitasmo batzuei errepasoa eman dizkio, Guttenber, Miguel de Cervantes, Biblioteca Hispanica, esate baterako. Halaber sektore honen ezagaurri hauek nabarmendu ditu: dinamismoa, digitalizazio masiboak hastear daudela, partaidetzaren egiaztapena, aintzindarien ekimenak erraz zabaltzen direla eta errepikatzen direla…
Fernando Juarezek, Euskal Herritik kanpo hain ezaguna den Muskizeko Udal Liburutegia hurbildu zaigu. Hamaika hitzaldi eman duelako estatuan, 7.000 biztanle daukan herri horren udal liburutegiaren berrikuntzak azaltzen. Hausnarketako ikurra asko bota dizkigu, Muskizen egindakoa beste liburutegietan posiblea al da egitea? Lekukoa. Agerian utzi digu nola herri txiki batean ere liburutegia teknologiari eta tresna berriei esker produktuak eta baita lan egiteko era ere erabat aldarazi dietela. Hona hemen liburutegi aintzindari horren lanabesak: RSS, Del.icio.us, Flirck, Netvibes, Firefox…
Arratsaldean mahai-inguruan Mikel Elorzak armiarma egitasmoa aurkeztu digu, Uxune Martinezek Inguma datu-basea, eta Buruxka liburutegi digitalaren gainean ibili zen, Ricardo Gomezek Google booksen materialen bildumari buruzko hitzalditxoa bota zuen. Interesgarriak hirukoak. Mikelek beste gauza batzuen artean astero literatura lan bat sarean jarraituko dutela igotzen adierazi digu, Ricardok azaldu digu nola lortu duen sortzea era erraz batean euskararen gaineko liburu bilduma garrantzitsua, esfortzurik gabe eta baliabide gutxirekin. Uxunek azpimarratu digu inguma basu-datutik zuzenean lan asko testu osoan lor dezakegula, baita ahozko lanak ere.
Arratsaldeko hitzaldiak eta gero, mahai-inguruan ibili gara, ikastaroko partaideen aldetik oso jarrera aktiboa izan da.
(Gerardo Luzuriaga)
Eibarren Uztailaren 13 eta 14an UEUk liburutegi digitalei buruzko ikastaroa antolatu du.
Liburutegi digitalei buruz UEUren Udako Ikastaroetan bi egunetako ikastaroa antolatu dute Iñaki Alegriak eta Karmele Artetxek. Lehenengo egunean liburuzain eta dokumentalistek hitz egingo dute, bigarrenean berriz informatikariak. Egitaraua hementxe kontsulta daiteke:
http://ikastaroak.ueu.org/component/ikastaroak/ikastaro/50.html
Zure interesekoa izango delakoan,
Ondo izan eta laster arte.
Gerardo Luzuriaga
Nafarroako liburuzainen independentzia berriro garaile irten da Legebiltzarrean
Juan Cruz Allik ere Nafarroan bizi ari garen afera zentsura ideologikotzat hartu du. Izan ere, Legebiltzarreko talde politiko guztiek UPNkoak izan ezik Berria eta Gara egunkariak liburutegietan jasotzen ari diren zentsura ideologikoaren kontrako mozioa onartu baitzuten.
Nafarrroako Legebiltzarreko Kultura eta Turismo Batzordean Nafarroako Liburuzainen Elkarteak herritarrak askeak direla zer irakurri erabakitzeko argi utzi dute.
UPN bakarrik gelditu da Legebiltzarrean, gainontzeko alderdiek liburuzainen alde egin baitute. Berria eta Gara egunkariak ez erosteko jarrera defendatzeko unean UPNk solik egin du aurrre, Ezker Abertzalearen jarrera ezaguna da, behin baino gehiagotan prentsan agertu baitira liburuzainen jarrera defenditzen, NaBai, CDN, IUN, eta baita PSN ere liburuzainen argudioen alde agertu dira aipatutako Legebiltzarreko Kultura eta Turismo Batzordean. Beraz, UPN soilik-soilik gelditu da.
Beste urrats bat eman da, hurrengoa Arartekoaren txostena izango da, ea afer kafkiano hau ahalik eta azkarren konpontzen den, herritarren eskubideak eta askatasuna garaile izanda.
(Gerardo Luzuriaga)
Joan den astean UPV/EHUn burutu ziren “Dokumentazio eta Eduki Digitalen Kudeaketari buruzko II. Jardunaldiak” Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak antolatuta.
Kaixo lagun
Jardunaldien berri Roberto Kerexetak eman zigun eta orain saiatuko naiz bertara hurbiltzerik izan ez zenutenentzat halako kronika/laburpen moduko bat egiten.
Jardunaldia bi egunetakoa izan zen, intentsoa oso. Goiz bakoitzean iraupen desberdineko 7 saio entzuteko aukera izan genuen. Jakina, beti bezala, batzuk, besteak baino interesgarriagoak eta eramangarriagoak izan ziren. Arratsaldeetan tailer bana eskaini zen web sozialaz, sindikazioaz eta foksonomiaz (ez nuen joateko aukerarik izan, zer moduz egon zen?).
Onerako zein txarrerako, jardunaldietako entzulegoa nagusiki unibertsitateko ikaslea izan zen. Erran nahi baita, aretoa beteta zegoen, baina batzuk ez ziren nahikoa isilik egon... Hala ere profesionalik ere hurbildu zen.
Francisca Pulgarrek, Sonia Marcos eta Ciro Lluecak antzeko bi proiektu aurkeztu zizkiguten: Ondarenet eta Padicat. Biak ala biak ondare digitala biltzeko asmoa duten proiektuak dira. Heldutasun desberdina duten proiektuak direla oso nabarmen geratu zen jardunaldian. Padicat-ak publiko katalanarentzat interesgarria den Interneteko EDOZEIN informazio biltzen du; Ondarenet-ek berriz, beste irizpide batzuk erabiltzen ditu, agian jardunaldian bertan oso argi geratu ez zirenak.
Edozein kasutan, proiektu biak garai ilunotan behar-beharrezkoak dira, oso erakunde zein enpresa gutxik gordetzen duelako bere Internet-eko produkzioa, eta alde horretatik potentzialki inoiz baino informazio gehiago eskuragarri dugun arren, informazio horren kokapena eta eskuratzea inoiz baino galkorragoa da. Ez bada biltzen ez da hainbeste ez dagoelako horretarako teknologiarik (softwarea egon badago), baizik borondaterik edota baliabiderik ez dagoelako. EAEren eta Kataluniaren kasuan borondatea badago, baina ez dakit nahikoa baliabide jartzen ote den. Hau da, ondare digitala biltzea lehenesten bada, osorik bildu behar da, eta une honetan Ondarenet-en Euskara kategoriapean web gune bakarra dago (Bagera elkartea).
Ondoren Teresa Agirreazaldegik aurkeztu zuen unibertsitateko beste irakasle batzurekin batera eta ikasleen laguntzarekin prestatutako Euskal Herriko liburutegi eta dokumentazio zerbitzuen gainean egindako ikerketa eta horren baitan burututako galdetegiaren emaitzak. Ikerketaren asmoa da sektorea ezagutzea eta direktorio bat osatzea. Iaz Hedabideetako dokumentazioari buruzko jardunaldietan talde honek aurkeztu zuen GIDA: Euskal Herriko komunikabideetako dokumentazio-zerbitzuen direktorioa. Aurten ere, antzeko direktorio bat osatzen ari dira Euskal Herriko dokumentazio zerbitzuekin: GIDADOK (oraindik ez dagoen guztiz amaituta). Agirreazaldegik aurkeztutako galdetegiaren gaineko datu bat azpimarratu nahi dut: Euskal Herriko dokumentazio zerbitzuetako profesionalen % 68a emakumeak dira eta gizonek baino titulazio akademiko gehiago badute ere, zerbitzuetako zuzendaritzetan nagusiki gizonak daude.
Lehen eguneko goiza euskal liburutegi eta ondare digitalari buruzko mahai-inguru batek itxi zuen. Ana Aresek Bizkaiko Foru Liburutegia aro digitalera egokitzeko jarritako ekimenen berri eman zigun. Uxune Martinez, digitalizazio eta katalogazio prozesuetaz baino, kudeaketa digitalaz aritu zen. Argi utzi zigun, Interneten egotea ez dela nahikoa, proiektu dokumentalak mediora egokitu beharra daukala arrakasta edukitzeko. Iñaki Arrietak azaldu zigun Euskomedia informazio sistema, sareko euskal kultura eta zientziaren erreferente izan nahi duena. Hedatuz OAI gordailua biziki interesgarria iruditu zitzaidan (OAI-PMH protokoloaren aintzindariak Euskal Herrian Eibarko Code&Syntax eta Deustuko Unibertsitateko DELi taldeak izan ziren eta 2004ko Durangoko Azokarako demo bat prestatu zuten). Azkenik, Joseba Abaitua ezagutzaren transmisioaz aritu zen, eta zehazki ezagutzaren transmisiorako generoetaz.
Hurrengo egunean, halako beste saio trinko bat izan genuen. Jokin Olaizolak erakutsi zigun eduki digitalen kudeaketaren konplexutasuna norartekoa den. Odei enpresako Fernando Fernandez de Aranguiz web edukien kudeaketaz aritu zen, baina Jokinen moduko ikuspegi analitikoa beharrean, perspektiba enpresariala eman zuen. Ondoren kudeaketa dokumentalean aritzen diren hiru kasu praktiko ezagutzeko aukera izan genuen: Fagor, Bahia de Bizkaia Gas SL, eta Tecnalia korporazioarenak hain zuzen ere. Azkenik Iñaki Alegriak eta Luis Colladok hitz egin zuten. Alegriak, ingeniaritza linguistikoan adituak, nazioarteko zenbait unibertsitate garatzen ari diren Kyoto ikerketa proiektua aurkeztu zigun. Proiektu honen xedea da ezagutza partekatzea hizkuntza eta kulturen artean, edozein dela abiapuntuko hizkuntza. Horretarako Kyoto-k testuetako ezagutza semantikoaren erauzketa sakona nola egin ikertzen du. Azkenik Colladok Google Books aurkeztu zigun. Agian saiorik komertzialena izan zen. Ez nuen osorik entzun, baina abenduaren 2an Bilboko Euskalduna Jauregian Colladok emandako hitzaldi berdina iruditu zitzaidan.
Orokorrean, jardunalditik zerbait positiboa eta zerbait negatiboa esan beharko banu, esango nuke antolatzaileek eztabaidarako tarte gutxi utzi zutela, eta saio batzuetan ez zela aukerarik izan galderarik egiteko. Baina agian gakoa ez da tarterik ez zela egon, baizik publikoak horretarako gogorik ez zuela. Edozein kasutan alderdi positiboak arras gainditzen du negatiboa, izan ere Bibliotekonomia eta Dokumentazio arloko jardunaldi bat unibertsitatean burutzea ezinbestekoa iruditzen zait Euskal Herrian halako ikasketen behar gorrian gaudenean.
Laster arte
Karmele Artetxe
Atzoko (2009-04-28) EHAAren 78 zenbakian agindu hau argitaratu zen
Kultura Saila
AGINDUA, 2009ko martxoaren 26koa, Kultura sailburuarena, Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordearen osaeraren berri emateko dena.
Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordeari buruzko abenduaren 30eko 232/2008 Dekretuak Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordearen osaera, izendapen-era, antolaketa eta funtzionamendu araubidea ezartzen ditu, Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legeak xedatutako esparruan.
Dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordeak Irakurketa Sare Publikoak aukeratutako hiru ordezkari izango ditu, unibertsitateetako eta ikastetxe publikoen izenean ordezkari bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren menpekoak izan arren Irakurketa Sare Publikoan sartuta ez dauden liburutegien ordezkari bat, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrean liburutegien alorrean eskudunak diren organoen izenean ordezkari bat, liburutegi eta ondare bibliografikoaren alorrean sona handia duten elkarte, erakunde eta pertsonen artean ordezkari bi, Foru Aldundi bakoitzeko ordezkari bat. Bada, kide horiek guztiak dagoeneko izendatu direnez, bidezkoa da Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordeko bokalak zeintzuk diren jakinaraztea, jende guztiak horren berri izan dezan.
Ondorioz,
EBATZI DUT:
Lehenengoa.- Honako hauek dira Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordeko bokalak:
Irakurketa Sare Publikoaren aldetik:
- Felisa Sanz Etxeberria andrea.
- Gregorio Layana Martínez jauna.
- José Egaña Makazaga jauna.
Unibertsitateetako eta ikastetxe publikoen aldetik:
- Eva María Martín Ugarte andrea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren menpekoak diren liburutegien aldetik:
- Gloria Osacar Arraiza andrea.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrean liburutegien alorrean eskudunak diren organoen aldetik:
- Francisca Pulgar Vernalte andrea.
Liburutegi eta ondare bibliografikoaren alorrean sona handia duten elkarte, erakunde eta pertsonen aldetik:
- Rosario Valverde Tejedor andrea.
- Gerardo Luzuriaga Sánchez jauna.
Arabako Foru Aldundiaren aldetik:
- Teresa Castro Legorburu andrea.
Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik:
- Montserrat Petralanda Gorrotxategi andrea.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik:
- Carmen Bilbao Ariño andrea.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko martxoaren 26a.
Kultura sailburua,
MIREN AZKARATE VILLAR.
Gaurko berria egunkariak liburu egunean manifestu hau dakar. Izenburu egoki honekin: Herri liburutegiak denontzat.
Pellokeria adierazpen honen izenburuan ezta? Horrela izanen litzateke Nafarroako gizartean eta Nafarroako Liburutegi Publikoetan bertan erraten dena gaur egun zalantzan ez balego. Liburuzainok kezkatuta gaude. Baita herritarrak ere, jakina. Alarma piztu da 2009ko otsailaren aldean, Barañaingo Liburutegi Publikotik bertzeen artean ziren bi egunkari desagertu direlarik (eta ez ospa egin dutelako). Zergatia arras sinplea da: herritar batek -zinegotzia- ez zituen gustukoak, eta desagerraraztea erabaki du. Eta bertze herritar batek ere -Liburutegi Zerbitzuen zuzendariak-, zergatik ez dakigula, horrela erabaki du. Zenbait aste geroago, alarma piztu da berriz Iruñeko Liburutegi Publikoetan.
Alarmen zeregina arreta jasotzea da, eta gaixotasuna gero eta gehiago zabaltzea nahi ez badugu, kasu egin behar diegu. Beharbada, horrela auzia min kultural eta moral arin batean bakarrik geratuko da. Beharbada, zaintza egoki batekin, dena bere onera itzuliko da.
Ezinbestekoak diren zainketen artean, liburutegi publikoen ezaugarrien hausnarketa egitea dago. Hori da, hain zuzen ere, orain egingo duguna: herritar batzuen gustukoak ez badira ere, liburutegiak ez dira horrelakoak. Liburutegiek ez dute baztertzen. Liburutegi publikoak oso ehun berezi batez eginak dira, salerosgai ez den ehun batez eginak. Ehun hori ez da ideologikoa, handitu daiteke neurririk gabe, eta ez da sekula ehun zentsuratzaile izanen. Bere iragazkortasunean eta bere mugagabetasunean datza bere handitasuna.
Liburu berri bat, aldizkari berri bat, egunkari berri bat, eskuz izkiriatutako pentsamolde berri bat kaleratzen den momentu berean, liburutegia zentimetro batzuk zabalago egiten da, heldu berriari lekutxo bat egiteko asmoz. Hala, sortu den guztiak eta sortzeko dagoenak badu bere tokia liburutegi publikoan. Horrela har dezake arnasa, horrela alderatu daiteke, horrela munduaren eskura jartzen da. Eta horrela ez bada, liburutegi publikoa gaixotu egiten da, eta duen sendagai bakarra honako hau da: berregin berezkoa duen soineko elastiko hori, berregin barnean infinitua jaso dezakeen ehuna, sekula hautsi behar ez zena.
Liburutegi publikoa kulturaren oinarrizko ardatzen artean dago. Eta kultura, zibilizazioa, zera baino ez da: erabat herritarra den liburuzain batek urkiaren azalari buruzko liburu bat maileguan eman dezan bere irribarre hoberenarekin. Azalez azal (eta ez azala azalaren kontra) elkarrekin bizi daitezen fisika kuantikoaz mintzatzen den liburua eta erlatibitatearen teoria irmoki defendatzen duena. Paperean irakur daitezkeen liburuak eta Interneten irakurtzekoak egon daitezen. Liburutegiko atarian topo egin eta elkarri agurtu diezaioten Salieriren disko bat daramanak eta Mozarten disko bila doanak. Gauza, pertsona eta ideia guztiak liburutegi publikoan lekua izatea da kultura.
Mila aldiz erran izan dugu «bada liburu bat irakurle bakoitzarentzat», eta honela adierazten genuen gure ametsik preziatuena: denak izan gaitezen liburu baten maitaleak, ondoren bertze mila libururen amoranteak bilakatzeko. Zer gertatzen da irakurle batentzat ez bada bere liburua? Eta okerrago, zer gertatzen da liburua egonik eskuetatik kentzen badiogu? Liburu bat, aldizkari bat, egunkari bat edo zentzuz idatzitako paper bat ez bada ongi etorria liburutegi publikoetan, ez tronpatu: horrek esan nahi du irakurle bat, eta agian bertze bat, eta bertze bat, eta bertze hori ere -zuk bezainbeste eskubide dituen hori- ez direla ongi etorriak liburutegi publikoetara. Ez. Ez tronpatu: segun eta nor hurbiltzen den «Sarrera debekatuta» erranen zuen txartel bat zabalduko bagenu bezalaxe da. Lehen eta bigarren mailako irakurle txartelak egingo bagenitu bezala izango litzateke, segun eta nori, kolore batekoa edo bertzekoa emateko. Liburuaren Egunean txartel handi batean «Irakur ezazu, baina ez irakur denetarik» idatziko bagenu bezala izango litzateke. Egunkari baten irakurleari gustukoa eta irakurri nahi duena eman beharrean, niri gustatzen zaidan egunkaria emango bagenio bezala da. Azpimarratua joan behar dena liburutegi publikoan azpimarratu beharrean «publikoa» komatxoen artean jartzea da.
Idazki hau sinatzen dugunak idazki hau idazteko momentua heldu izanak tristuraz betetzen gaitu.
Artikulu hau beste 600 lagun inguruk izenpetu dute.
Adela Bikandi Yolanda Rodriguez (Liburuzainak)
Nafarroako Liburutegi eta Filmotekaren lanak aurrera doaz
Mendebalde auzoan eraikuntza aurrera doa. Dagoeneko 11.343.793 € inbertitu dira. Eraikuntza berri honek hiru solairu eta sotoa dauzka, lehenengo solairuak, hau da beheko solairuak 6.000 metro kuadro inguru dauka. Blog honetan eta baita beste leku batzuetan ere askotan kritikatu dugu Nafarroako agintarien proiektuak edo proektu eza, kasu honetan Nafarroako Gobernuaren jokabide txalogarri hau goraipatu nahi dugu.
Gerardo Luzuriaga
Ezagutu bako ona baño, ezaututako txarra oba
Aspalditik gogoa neukan EAJk zortzi legegintzaldi hauetan eraman duen politika bibliotekarioaren azaleko balorazio txiki bat egiteko. Labur-labur esanda, ez du gainditu, gutxiegi du. Nahi duenak blog honetan irakur daiteke ematen dugun gutxiegi horren arrazoiak: 25 urte pasa eta gero…, lehengo lepotik burua, taifen erreinua… Ez dugu lortu Euskal Herrian sistema bibliotekario komuna lortzea, ezta Euskadin ere. Ikus ditzagun adibide batzuk: banatuta jarraitzen dugu, gure hizkuntza jarraitzen du baztertuta izanda, Espainiako eta Frantziako eredu bibliografikoen mende jarraitzen dugu…
Zortzigarren legegintzaldi honetan ekimen parlamentario batzuk aurrera eraman badituzte ere, eta Euskadiko Liburutegien legea indarrean jarri bada ere, Espainiako ereduei jarraitzen zaiela heltzen bistan dago. Ezin baitugu ahaztu zein alderdiren botuekin atera zuten aurrera aipatutako legea, eta zer baldintzak jarri zituzten, non izenean ere ez ziren ausartu euskal eta nazional hitzak onartzen. Hona hemen azaleko adibide bat Euskal Liburutegi Nazionala golpe batez Euskadiko liburutegi bihurtu zen.
PSEk Eusko Jaurlaritza lortzen badu, aldaketa handirik ez duela ekarriko uste dugu, eta baldin badute atzera egingo dute kontu gehienetan: euskara politikan, EITBko ditsozko mapetan, baita liburutegi eremuan ere, jakina; baina berriengan gutxi espero arren, eremu honetan behintzat eman dezagun merezi duten konfiantzako epea.
Gerardo Luzuriaga
Nafarroako agintari politikoek liburutegien aferan egindako hanka sartzea atera nahian ibiltzen badira ere, arriskua daukate gorputz osoa sartzeko eta lokatzan irentsiak geratzeko.
Baranaingo liburutegian Gara eta Berria egunkariak erosteko debekua politikoek eman ondoren, bazter guztietatik azaldu dira kritikak, batez ere ikusi dugunean Barañainen egindakoa Nafarroako herri liburutegi guztietara nahi dutela zabaldu, dagoeneko Iruñeko liburutegietara ere Berria eta Gara egunkariak erosteko debekua eman baitute.
Aste hauetan arduradun politikoen jarrera – Fermin Guillorme, Pablo Gomez, Paz Prieto – gogor kritikatu dugu, baita zentsuratzat ere jo dugu. Betidanik, askatasun esparrua izan diren liburutegiak haien esanetara baitute utzi nahi, herri liburutegietan zer irakurri ahal izango duten erabakitzen baitute, liburuzain profesionalen eta erabiltzaileen duintasuna zapaltzen baitute, azken finean irizpide teknikoak baztertzen baitute bere irizpide politikoak jartzeko.
EAEn duela urte batzuk, herri batzuetan, nik dakidanez, antzerako jukutria gertatu zen, -honekin ez dut esan nahi gaur ez dela gertatzen- Unescoren adierazpenak argudiatu genituen, eta eragina eduki zuenez, ea kasu honetan Nafarroan ere zorte bera daukagun!
Unescoren liburutegien adierazpenek informazioa eta ideiak eskuratzeko askatasuna bermatzeak daukate oinarri. Ikus ditzagun zer-nolako aginduak diren: liburutegietako zerbitzuak hiritar guztiei eskaini behar zaizkie, hiritartasuna, erlijioa, kultua, iritzi politikoa, sexua kontuan hartu barik; fondo publikoekin finantzatutako oinarrizko informazio zerbitzuak, materialak eta tresnak doan eskuratzeko aukera izango dute erabiltzaileek, eta erosteko almena edozein izanda ere, erabiltzaile komunitateko kide guztiek eskubide berak izango dituzte; materialak eta baliabideak aukeratzerakoan, bertako komunitateen aniztasuna hartu beharko dute kontuan, eskainitako formatuei, hizkuntzei eta edukiei dagokienean; liburutegi bateko bildumaren garapena, liburuzainaren irizpide profesional independentean oinarrituko da, eragin politikoak, alderdikoiak, komertzialak edo beste motakoak kontuan hartu gabe, gutxiengoei, euren hizkuntzan dagoen materiala eskainiko diete, material hori, bertako kulturarekin lotuta eta euren komunitate zabalagoaren kulturan ilustratuta egongo da, hau ere bertako hizkuntzan.
Antzerako arrazoibideak ikusita Nafarroako arduradun politikoek bere horretan eusten badiote ere, atzera egin dute eta beste argudio batzuek erabili dituzte. Gauzak horrela, liburutegi nafarretan eguneroko prentsa erostearen ardura udalei dagokiela edo aipatutako egunkariak ez erosteko arrazoi ekonomikoak direla adierazi du Juan Ramon Corpas Kultura kontseilariak.
Lehen konbentzituta bageunden Nafarroako liburutegietan Gara eta Berria egunkariak ez erosteko erabakia erabat politikoa bazen, zer esanik ez argudio ekonomikoa erabiltzea erabaki dutenean. Egunkari batek euro bat inguru balio du. Urte osoan asko jota 800 € gastatuko dute aipatutako bi egunkari erostean. Benetan, arrazoi ekonomiko hau penagarri iruditzen zaigu, batez ere 800 € horiek 22.000 biztanle inguru artean banatu behar dituenean. Asma ditzaten aitzakiarik aproposenak, edo isil daitezen betiko.
Gerardo Luzuriaga
Barañainen gertatutakoa eta Nafarroako Liburutegien Zerbitzuko Zuzendariaren jarrera oso arriskutzat jo dugu. Non ote gelditzen da gure duintasun profesionala zentsura aurrean?
Berriro, liburutegiak zentsuratu dituzte, kasu honetan Nafarroan, Barañaingo UPNko zinegotziak debekatu du Berria eta Gara egunkariak erostea. Hori zentsura da. Agintari eskuindar hauek noraino nahi dute ailegatu? Hemendik aurrera, gertakaera hau onartuz gero, liburutegien funts-bibliografikoei dagokienez edozein agintariren mende izango gara liburuzainok. Ez dago lotsarik.
Ezbairik gabe, Baraiñanen gertatutakoa zentsura da. Oraingoan behinik behin Nafarroako liburuzainok mobilizatu dira, honez gero 160 bat liburuzainek Pablo Gomez bertako UPNko kultur zinegotziak egindakoa gaitzetsi dute. Halaber Nafarroako Liburutegi Zerbitzuko zuzendariari agindu hori baligabetzea eskatu diote aipatutako liburuzainek eta baita Nafarroako Liburuzainen Elkarteak ere.
Era berean Nafarroako Liburutegien Zerbitzuko zuzendari Fermin Guillormeren jarrera salatu nahi dugu.
Gerardo Luzuriaga
Duela gutxi Deustoko Unibertsitate berriaren Liburutegien ateak ireki zuten, Espainiako errege-erreginak Bilbon izan zirelako, berriz, berria izan zen berri.
Horretaz gain, aste honetan liburutegiei buruzko ikerketa publikoa egin da.
Consumer Eroski aldizkariak egindako ikerketak honako hau adierazi digu: a)Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiako liburutegi publikoak estatuaren onenetarikoen artean daudela. b) Bilbokoak Iruñeakoak baino egoera hobean daudela. c) Ikerketa honen arabera Gasteiz eta Gonostiakoak "ondo" atera dute, eta Bilbokoak "oso ondo", Iruñeako liburutegi publikoak, berriz, "gutxi" atera dute.
Lan honetan, instalazioak, baliabideak, eta hamaika ezaugarri gehiago kontuan hartu dute, baina profesionalen lan egoera kanpoan utzi dutelakoan nagoenez, alde batetik lan kontratua tinko edo azpikontratatuak diren, eta bestetik langileen aldarrikapen interesgarria azterketatik at utzi dute. Aspalditik ez gatoz bat, liburutegien arduradunei atxikitzen zaizkien futzioak mailarekin. Liburutegi publikoen arduradunak A mailakoak izan beharko dira, eta langile teknikoak gutxienez B mailakoak.
(Gerardo Luzuriaga)
Pozik bai, baina...
Aspaldiko partez berri pozgarri batekin natorkizue. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eremu batzuetan aspalditik kultura esparrurako proposatzen genuen elkarlana aurrera eraman dute eremu mugatu batzuetan. Arestian Justizia esparruan emandako aurrerapausoak ekarri nituen hona, orain hizkuntza alorrean elkarlanean aritzea erabaki duten berriak pozten gaitu. Ea noiz helduko zaion kulturaren gaineko gaiei. Euskararen ikerketa, aholkularitza, itzulpengintza, helduen euskalduntzea, belaunaldien arteko hizkuntzaren igorpena eta toponimia dira, besteak beste, etorkizunean bi aldeek elkarren artean jorratuko dituzten gaiak.
Kulturan ere hamaika gai daude zain elkarren artean aritzeko, bidea leuntzen dela dirudienez, hurrengoa izango ahalko da!
Baina berriak, tamalez badauka bere alde goibela, aurrerapauso galanta izan bada ere, aurrekoetan behin baino gehiagotan adierazi dudana laburbilduko naiz, kezka handiak ematen dit “eusko” hitza alde batean soilik ikustean. Bereziki, honetako hitzarmenetan agertzen denean, eusko terminoa ez da soilik Euskadiko (Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako) Jaurlaritzarena, Nafarroako Gobernuarena Eusko Jaurlaritzarena bezain propio baita. Nabarraldeko azken Haria aldizkarian, 23. zenbakian, eusko terminoaren erabilera egokiari buruz artikulua daukazue. Dena den, hain da pozgarria ikustea bi euskal gobernuak elkarlanean aritzen, non oraingoz ospa dezagun, eta ea emeki-emeki euskaldun guztiak elkarlanean bukatzen dugun aritzen.
Gerardo Luzuriaga
Hemendik aurrera Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiaren blogeko KATALOGATZEKO TERMINOLOGIA alorrean datu-basea kontsulta daiteke
Dagoeneko Katalogatzeko terminologia eremuan liburutegiei buruzko edozein termino datu-base baten bidez kontsulta daiteke, eta gaztelaniazko, frantsesezko edo euskarazko ordainak agertuko dira.
http://tresnak.kapsula.com/joana-albret/
Datu-base honen ezaugarri garrantzitsuenak hauek dira:
a) Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez daude termino guztiak
b) datu-basean edozein terminotatik galde daiteke.
c) Zerrenda osoa euskaraz nahiz gaztelaniaz nahiz frantsesez lor daiteke.
(Gerardo Luzuriaga)
| Bilaketak | � Terminologia | � Laburdurak | � Ohar erabilienak | � Deskribapen fisikoa | ||||||
| - Adibideak | ||||||||||
|
|
|
|||||||||
XXI. mendean Durangoko Liburu azokan ere zentsura agerian!
Liburuak hain arriskuttsuak dira? ez dut uste. Baina, agintariek poterea daukatela frogatu behar dutenez, hona hemen lekukoa. Aurten Gerediaga Elkarteak, auskalo zergatik?, Hiru argitaletxea euskal liburu azokatik at uztea erabaki du.
Hartu duten erabakia ulertezina izateaz gain, liburu munduan ibiltzen garen bat baino gehiagoren haserrea sortu du. Ulergaitza da Hiru argitaletxeko lagunek jasan duten zentsura.
Durangoko liburu azoka ez da gaurkoa, inork ez du gogoan, zer garai gogorretan sortu zen? Euskal liburu azoka denon artean aurrera eraman dugun! Hortaz, zer dela eta ekintza baztertzaile hau? Ulergaitza, benetan.
Gerardo L.
Orain arte liburutegi eremuan zaila egin zaiguna Justizian posible izan da
Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak epaitegietarako teknologia partekatuko dute
Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak eta Javier Caballero Nafarroako Gobernuko Justizia kontseilariak hainbat informatika elementu partekatuko dituzte.
Eusko Jaurlaritzak Nafarroako epaitegiei kontrol lanak erraztuko dieten eta funtzionarioei lagungarri izango zaizkien 636 prozedura eredu utziko dizkio Nafarroako Gobernuari. Eta baita jurisdikzio arloko 18.903 tramite eredu ere. Nafarroako Gobernuak, bestalde, zinpeko epaiketei lotutako kudeaketa egiten lagunduko duen informatika aplikazioa utziko dio Jaurlaritzari.
G. L.
Nafarroako Liburuzainen Elkarteak TK aldizkariaren zenbaki berria argitaratu du
http://www.asnabi.com/TK_archivos/TK_19/tk-19.pdf Helbide honetan kontsulta dezakegun aipatutako Nafarroako liburutegiei buruzko aldizkari interesgarria.
Aldizkaria atalez atal kontsultatzeko ASNABIren helbidean sar gaitezke. http://www.asnabi.com/TK_19.html
G. L.







